Bortzirietako Euskara Mankomunitatea herri erakundea da. Bortzirietako bortz udalerriek osatzen dute. Arantza, Bera, Etxalar, Igantzi eta Lesaka dira.

Euskararen normalizaziorako egitasmoak eta ekintzak diseinatu eta burura eramaten ditu. Mankomunitatearen euskara zerbitzua Arantzako herriko etxean dago, eta harrera ordutegia 9:00etatik 15:00etara da, astelehenetik ortziralera.

Bortzirietako 3. piropo lehiaketa burutu da

Bortzirietako 3. piropo lehiaketa izan da aurten, eta dagoeneko baditugu hiru saridunak. Ehundik gora piroporen artean, hiru aukeratu dituzte Bortzirietako 12 eta 18 urte bitarteko ikasleek. Hiru beratarren piropoak saritu dituzte ikasleek. Dunia Abatal beratarrak irabazi du lehenengo saria. Labiagako ikaslea da, eta 13 urte ditu. Hauxe da hark idatzitako piropoa: Zu maitatzea pekatua bada, ni zuzenean infernura noa!; beraz, Katea-Bike etxeak bizikleta bat emanen dio. Pekatu egiten badu, badu zerekin infernura joan. Zorionak, Dunia!

Bigarren saria Ane Etxegarairentzat izan da, betiereko piropo hau idatzi baitzuen: Ez zaitut betidanik maite, baina betirako maiteko zaitut. Toki Onako ikaslea da, eta 13 urte ditu. Bortziriak etxetresnak etxeak, beraz, mp4 bat emanen dio.

Hirugarren saria, berriz, Luka Remirorentzat izanen da; 15 urte ditu, eta Toki Ona ikastetxean ikasten du. Hau da haren piropoa: Asnaia daukat bihotzean, egingo didazu azka? Zu zara iristen den bakarra. Piropo horri esker ez dakigu bihotzik irabazi duen, baina bi liburu eta CD bat, bederen, irabazi ditu.

 
Solaslaguna egitasmoa martxan da

Hirugarren urtez, martxan da solaslaguna egitasmoa Bortzirietan. Aurten, gainera, dinamizatzaile bat hasi da lanean, Estebe Apezetxe; Erratzukoa da, eta 24 urte ditu. Bortzirietan ariko da lanean, eta ondoko bertze bi eskualdeetan ere bai. Haren lana izanen da Baztanen, Bortzirietan eta Malerrekan taldeak osatzea eta haien jarraipena egitea. Horretaz gain, hiru eskualdeetako zerbitzuekin batean ariko da, eta koordinazio lanak ere eginen ditu.

 


 
BERA da herriaren izen bakarra

Prozesu luze baten ondotik, azkenik epaia Berako Udalaren aldekoa izan da: herriaren izen bakarra Bera da. Epaitegiek hala erabaki zuten, epai irmo baten bitartez. Halere, hainbat eta hainbat tokitan oraindik ere Vera de Bidasoa izendapena ageri da.

 
Kontseiluak Arantzako Udalaren hizkuntza politika txalotu du

Kontseilua 2005az geroztik aritu da Hego Euskal Herriko ehundik gora udaletan euskara zenbat eta nola erabiltzen zuten neurtzen, horretarako espresuki sortutako ebaluazio tresna zorrotz baten bitartez. Dagoeneko argitaratu ditu neurketa horien emaitzak. Eta, emaitza kuantitatiboei dagokienez, 0tik 10erako tartean, Arantzako Udalak 9,09ko nota atera du. Gainera, 10. postuan dago Hego Euskal Herrian neurtutako ehundik gora udalen sailkapenean. Kontseiluak adierazitakoaren arabera, elementu positiboen artean, Arantzako Udalak hizkuntza politikaren arloan bere gain hartu dituen erabaki orokorrak eta horiek gauzatzeko jarritako baliabide eta neurriak nabarmendu ditu.

 
<< Hasiera < Aurrekoa 1 2 3 4 5 6 7 8 9 10 Hurrengoa > Amaiera >>